Kanboko kontseiluan protesta egin dute Marieniako lurren defendatzaileek

Laborariak taldeko ehun bat kide Kanboko kontseiluan sartu dira barda, Marieniako proiektua salatzeko beste behin ere. Bi oren luzez arrabotsa egiten aritu dira, makil eta zintzarriekin Christian Devèze auzapezak kontseilua gelditzea agindu duen arte. Gelatik ateratzean pusaka hasi dira, laborariak, hautetsiak nahiz poliziak, eta auzapeza erori da. Ez da beraz eztabaida posiblerik izan. Egin duen erorikoaren ondotik, auzapeza ospitalera eramana izan da. «Hautetsi baten kontrako talde erasoa» ikusi du Bainoako prokuradoreak, eta ikerketa bat abiatu duela adierazi du.