Gizarte segurantza ahultzea babestu izana egotzi diote Lasserre diputatuari

Gizarte segurantzaren «diruztatzeko» legearen alde bozkatu du Florence Lasserre diputatu eskuindar kontserbadoreak. Horren salatzera hurbildu dira astelehen goizean CGT sindikatuko 50 bat erretretadun haren Angeluko bulego iraunkorraren aitzinera. Apirilean plantan jarri den lege horren helburua da gizarte segurantzaren gastuen apaltzea. Erretretadunen arabera, erremedioen eta mediku bisitetan dispentsa bikoiztea eraginen du lege berri horrek. Heldu den ostiralean Max Brisson senatariaren egoitzara hurbilduko dira ere, aldarrikapen berdinarekin.

Mugerreko bartak: Elkargoa Enovis enpresarendako gune berri baten xerka?

Enovis enpresaren hedatzea Mugerreko pleita gunean ez da ziurra. Euskal Hirigune Elkargoak estatuaren «arrapostu gaitasun eza» gaitzetsi du, eta aterabide berriak atzeman nahi ditu 335 langile enplegatzen dituen medikuntza material enpresa ez dadin Lapurditik lekutu. Elkargoak irakurketa plazaratu duen ber egunean, ekintza egin du bere Baionako egoitzaren atarian Bizi mugimendu ekologistak. Hirurehun zapata pare ezarri dituzte, hirurehun langileren lan galtzea irudikatzeko. Pleita gunea Mugerreko barten hiru hektareen gainean hedatzeko proiektua «legez kanpokoa» dela salatu du. Bizik ohartarazi nahi izan du proiektua burutuko balitz Enoviseko langileek beren lana galtzeko lanjerra luketela.

EH Bildu eta EAJ jarlekuetan berdindurik Eusko Legebiltzarrean

EH Bildu eta EAJren arteko berdinketa atzo Gipuzkoa, Araba eta Bizkaiko bozetan Gasteizko legebiltzarreko  hauteskundeetan. Bozka kopuruari dagokionez EAJk zuen kopuru handiena bildu, baina 27 legebiltzarkide izanen dituzte eskuindarrek, orain arte baina lau gutiago, eta 27 ere ezkertiar abertzaleek, sei gehiago. Batek ere ez du bere kabuz gobernua osatzeko kopurua erdietsi, eta PSE ezinbestekoa izanen da agintaldirako koalizio bat erdiesteko, azken lau urteetan bezala: 39 biltzarkiderekin gehiengoa izanen dute EAJk eta PSEk.

Sexualitate askeen aldarria Atharratzen, Bekat'uros egunean

Bekat'uros egunak ehunka pertsona elkarretaratu ditu Basabürüako hiriburuan. Altxalili kolektiboak eta Prefosta elkarteak, harrotasunaren martxa ere egin dute Atharratzeko karriketan barrena, Euskal Herria osoko LGBT komunitateko kideekin. Antolatzaileek azaldu dutenez, «ez da errez LGBT pertsona batendako bazterkeriaz inguratutako gizarte batean haztea, are gehiago Ipar Euskal Herria barnealdean». Iragan berri den asteburuan bakoitzak bere sexualitatea aske bizi ahal izan du Atharratzen.