Ander Errasti Kataluniako egoeraz

Pasa den astean bi gertakari garrantzitsu eman dira Katalunian edo Kataluniarekin zerikusia dutenak. Alde batetik Espainiako diputatuen parlamentuak amnistia lege bat onartu du, 2012tik Katalunian izan gertakari polikoan auzipetuak izan diren ororentzat, orain senatuan pasa beharko dena. Bestalde, Kataluniako bozak aitzinatzea deliberatu du Pera Aragones presidenteak. Gai hauek aipatzeko Ander Errasti, Bartzelonako unibertsitatean Filosofia Politikoko irakasle dena gomitatu dugu

Béatrice Molle-Haran eta Txetx Etcheverry-ren errugabetzea galdegin dute Bake artisauek

200 babesle baino gehiago bildu dituzte Luhuson larunbatean. Kolore politiko guzietako hautetsiak eta jendarte zibileko herritarrak. Apirilaren 2 eta 3an, Béatrice Molle-Haran eta Txetx Etcheverry auzipetuak izanen dira, 2016an Luhuson burutu armagabetze ekintza batengatik. Bake artisauen arabera, bake prozesuko momentu garrantzitsu bat izan zen eta errugabetzea galdegin dute.

"Idekidura haundiko gizona izan da Piarres Lafitte"

2 urteko lanaren ondotik, Piarres Lafitte apaiz, euskal idazlea eta kazetariaren Artxiboak bere webgunera plazaratu berri ditu Euskaltzaindiak, denen eskuragarri. Lafitte, besteak beste, Herria astekariko sortzaileetariko bat izan zen. Piarres Lafitte ezagutu zuten Peio Jorajuria eta Jean Michel Barnetxek. 

Ruandako genozidioak 30 urte

Duela 30 urte, Ruandan Tutsien kontra gertatu genozidioa izan dute aipagai Baionako fakultatean martxoaren 14an. Lizeotarrek programan sartua dute Ruandako genozidioa eta hain zuzen, Etxepare lizeoaren ondoan den militarren kasernak lotura bat badu garaian gertaturikoarekin. Xabi Larralde eta Amaiur Lujanbio, lizeoko irakasleekin mintzatu da Ihintza Arrieta :

Errobi taldea berriz osatu dute Anje Duhalde eta Mixel Ducau

50 urteren buruan Errobi taldea berriz osatzen dute. Anje Duhalde eta Mixel Ducau goiz berriko gomitak genituen, eta nahiz eta musikariak aldatu diren, hainbat kontzertu eskainiko dituzte, horietan lehena maiatzaren 4an Bilbon.

Gidabaimena: 15 urtero mediku-azterketa egiteko ideia baztertu du Europak

Frantses estatuan ez da hamabost urtean behin mediku-azterketarik egin beharko gidabaimena ukaiteko. Horrela deliberatu dute Europako legebiltzarrean. Neurri horren bultzatzaileen arabera, bideko istripuak %50 murriztuko lirateke. Izan ere, geroz eta zaharragoa den populakuntza batean, gabezia fisikoek bideetako lanjerra emendatzen dute. Espainian edota Italian jada aplikatzen den neurria Europa osora hedatzea eztabaidatu dute. Ezezkoaren ondotik, estatu bakoitzak bere hautua egiteko aukera atxikiko du.

Ane Elordi: «Dena prest da bihar Korrika abiatu dadin»

Bihar abiatuko da 23. Korrika Irundik. 10 egunez Euskal Herriko hainbat bazter igaroko ditu EUSKARAREN alde Ipar Euskal Herrira bihar arratsaldean berean sartuko da Hendaiatik barna, eta ostiral eguerdi arte Ipar Euskal Herriko hiru probintziak zeharkatuko ditu. Urtero bezala, Euskal Irratiek zuzenean segituko dute euskararen aldeko lasterketak Ipar Euskal Herrian egiten duen bidea, 24 orenez.

Milaka euroko isunak, Ostiako lau auzipetuen kontra

Sustengu azkarra jaso dute Ostia kolektiboko auzipetuek. Ehunka pertsona bildu ziren Baionako auzitegian astelehen arratsaldean Filipe Laskarai, Jakes Bortairu, Dominika Daguerre eta Jeanine Beyrie babesteko. 2022an ekintza bat egin zuten Bouygues Immobilier eraikuntza enpresak Angelun duen bulegoan. Marieniako proiektuaren maketa lurrez estali, eta egoitza lastoz nahiz lurrez bete zuten. «Andeatzeak» sorrarazi izana leporatzen diete lau auzipetuei. Prokuradoreak 1000 euroko isuna galdegin du bakoitzarentzat, 500 euroko gibelapenarekin. Bouygues Immobilier enpresako abokatua zorrotzagoa jokatu du: 24.700 euroko kalte ordainak galdegin ditu. Deliberoa maiatzaren 14an emanen du auzitegiak.

Tokiko ekoizleak eta saltzaileak elkartzeko saloi bat Miarritzen

Ekoizleak, artisauak, merkatariak, ostalariak eta banatzaileak. Horiek denak bildu dira Miarritzen Jateko Saloian. Goazen eta Uztartu klusterrek bultzatu dute hitzordu horren laugarren edizioa, eta Euskal Herriko Laborantza Ganbararen bultzada ukan dute. Gasna, esneki, txerriki, olioi, arno, erreximenta eta espezia artean, 30 mahai izan dira orotara. Zirkuitu laburreko ekoizle eta saltzaileen artean loturak indartzea da xedea.