Donibane Garazin 90 etxebizitza berri eraikiko dituzte

Donibane Garaziko hirigintza plan berria aurkeztu du herriko etxeak. Laurent Intxauzpe auzapezak zehatu zuenez, 90 bizitegi berri eraikitzea aitzinikusten dute. Horietatik 35 bizitegi sozialak izanen direla segurtatu dute. Planak hiru proiektu barnebiltzen ditu, bi etxebizitzari lotuak, eta hirugarren bat kiroldegi berri bat sortzeko. Lanak 2025ean abiatuko lirateke Euskal Hirigune Elkargoko biltzarrak onartu ondotik.

Egun osoko egitaraua Irunen, Korrikari abiada emateko

Korrikaren abiatzea besta giroan eginen dute Irunen. Ostegunean abiatuko da arratsaldeko 16:00etan euskararen aldeko lasterketa, San Juan plazatik. Haatik, goizetik arratsera luzatuko da egitaraua. Buru belarri aritu dira antolaketa lanean AEKko irakasle, laguntzaile eta ikasleak. Gazte Korrikak eta Urdanibia plazako eskulangile merkatuak irekiko dute eguna goizeko 11:00etatik aitzina. Ber tenorean, mutxikoak izanen dira Almudena Grandes plazan eta bertso-triki-poteoa 12:30etan. Korrikaren abiatze ekitaldia, aldiz, 15:30etan hasiko da San Juan plazako oholtzan.

Euskal Herriko periferiako ikastolei aitortza Beskoitzen

Sohüta, Oion, Balmaseda, Zangoza, Lodosa, Biana, Tutera eta Beskoitzeko ikastolei, aitortza bat eskaini diete atzo ikastolen bestetako antolatzaileek. Gune horietan, euskara eta ikastolak garatzeko egoera sozio-kulturalak zailagoak direlakoan, elkartasuna adierazia nahi izan da Ikastolen mugimendutik. Ekitaldia, bazkaria, haurrendako joko eta Bizkarsoro filmaren proiekzioarekin osatu dute egitaraua.

Euskara plan berria onartu dute Uztaritzen

Euskara plana bozkatu du Uztaritzeko herriko etxeak. Urruñak eta Baionak egin duten bezala, urrats bat gehiago eman nahi izan du euskararen presentzia eta baliapena sustatzeko herrian. 

Jaqueline Idiart: «70 hamarkadan milioi bat emaztek abortatzen zuten Frantzian legez kanpo»

Abortuaren eskubidea Frantses konstituzioan sartu da aste honetan. Baina abortatzeko eskubidea ez da gaur goizeko afera. Jadanik 70. hamarkadaren hasieran mugimendu azkarrak izan ziren eskubide horren erdiesteko Ipar Euskal Herrian. Emazteak iraultzan taldea sortu zuten 1972 urtean emazteen eskubideen alde, eta bertan aritu zen Jacqueline Idiart. Haren hitzetan, «Gizonekin partekatzen genituen espazioetatik kanpoko antolaketa bat behar genuen gure gorputzaren burujabetasuna borrokatzeko».

Neomak taldeak ezarri dio doinua aurtengo Herri Urratsi

Herri Urratsek badu kantu eta bideoklipa. Neomak taldearen eskutik heldu da aurtengo kantua, Nerea Ibarzabal bertsolari bizkaitarraren hitzekin. Izenburuan, bi hitz: 'Hor gaude'. «Kontrako haizeak kolpaturik ere, Beskoitzen bezala, ikastolak beti hor izanen dira». Preseski, Beskoitzeko ikastolaren alde izanen da aurtengo Herri Urrats. «Ortzadarra» lelopean maiatzaren 12an ospatuko da Iparraldeko ikastolen aldeko besta Senperen. ORTZADARRA lema eman diote antolatzaileek.

Integrazio Batzordeak 116.000 euro behar ditu, laguntza publikoen berantari buru egiteko

«Behar bereziko ikasleen laguntzak berantegi heldu dira». Seaskako Integrazio Batzordeak 116.000 euroko zama bildu nahi du, erakunde publikoek finantzatzen ez dituzten laguntzaileak ordaintzeko. Gaur egun, 158 ikasle daude Seaskako integrazio planaren barnean. Integrazio Batzordeko kideek ohartarazi dutenez, Departamentuko zerbitzuek «hamaika hilabeteko epea hartzen dute MDPH laguntzen txostenei arrapostua emateko, legezko epea lau hilabetekoa delarik». Beranta horrek diru laguntzen zama «murritzagoa» izatea eragiten duela gaitzetsi dute. Diru bilketa kanpainaren barnean, martxoaren 17an «jantzi hustea» eginen dute Lakarran eta Itsas Laminen Korrika lasterketa Angelun. Apirilaren 7an, aldiz, Neska Korrika lasterketa izanen da Azkainen.  

Emazteei zuzendu etxe bat bidean, Ipar Euskal Herrian

Emazteen etxe bat eraikitzeko lehen urratsa eman du EBA Emazteen Berdintasunaren Alde kolektiboak. Azken hilabeteetan berrehun emazteren iritziak bildu dituzte egitasmo horrek bete beharko lituzkeen ezaugarriak aztertzeko. Preseski asteazken honetan aurkeztu dituzte galdeketaren emaitzak Euskal Hirigune Elkargoaren egoitzan.

Bea Salaberri: «Borroka armatuaren giroan izan ziren emazteen lekukotasun bat landu nahi nuen»

Bea Salaberri irakasle baxe nafarrak bere lehen eleberria argitaratu du. 'Mesfida zaitez' du izenburua eta, euskal borroka armatuaren laguntza sarean barneratzen den emazte gazte baten bizipenak kontatzen ditu, baina, aldi berean, Euskal Herriko garai politiko jakinetan kokatzen du istorioa idazleak. Txalaparta argitaletxeak karrikaratu du Salaberriren lana. 'Baionak ez daki' ipuin liburua argitaratu zuen 2015ean, eta oraingo liburua Txalaparta argitaletxe nafarrarekin karrikaratu du.