Sexualitate askeen aldarria Atharratzen, Bekat'uros egunean

Bekat'uros egunak ehunka pertsona elkarretaratu ditu Basabürüako hiriburuan. Altxalili kolektiboak eta Prefosta elkarteak, harrotasunaren martxa ere egin dute Atharratzeko karriketan barrena, Euskal Herria osoko LGBT komunitateko kideekin. Antolatzaileek azaldu dutenez, «ez da errez LGBT pertsona batendako bazterkeriaz inguratutako gizarte batean haztea, are gehiago Ipar Euskal Herria barnealdean». Iragan berri den asteburuan bakoitzak bere sexualitatea aske bizi ahal izan du Atharratzen.

Indarrak biltzeko eguna antolatu du Erdiz Bizirik-ek Elizondon

Erdizko meategiaren kontrako plataforma herritarrak aldarrikapen eta besta eguna antolatu du joan den larunbatean Elizondon. Heldu diren asteetan epaiketa ukanen dute Magnesitas Navarra enpresaren kontra. Hain zuzen, auziak eraginen dituen gastuei buru egiteko sustengu ekonomikoa biltzea zuen xede besta egun horrek. Nafarroako Gobernuak bultzatu duen meategi proiektua geldiarazteko 3.939 pertsonek izenpetutako helegiteak aurkeztu dituzte.

'Lau sasuak', plaza berri bat bertsulari xiberotarrendako

Udaberriak bertsulari xiberotarrak iratzarri ditu. Lurralde horretan koblakaren usaia hedatzeko xedez 'Lau sasuak' izeneko ekimena abiatu dute. Urteko urtaro bakoitz, bertsu saio bat antolatuko dute Xiberoako bertsulariei plaza berri bat irekitzeko, eta lehen hitzordua maiatzaren 19an izanen da Larrainen. Xan Alkhat, Mixel Etxekopar, Leire Casamajou, Joanes Etxebarria eta Aetz Etxart bertsularien errimek eztitutako bertsu afaria eginen dute, herriko eskolako gurasoek antolaturik.

Kepa Akixo 'Zigor': «Sentsazioa dut gaur egun ez dakigula non bizi garen»

'Malda bizi' izena eman dio Kepa Akixo 'Zigor' artistak bere argazki erakusketari. Azaldu digunez, «argazki horiekin nahiko nuke jendeak ikus dezala non bizi den, eta nola guk geuk mundua aldatzen dugun gure beharretara, eta nola malda horiek gu geu egiten gaituen». Zizelkari bezala ezagunagoa baldin bada ere, aldi honetan argazki erakusketa bat aurkezten du, hainbat marrazkiz lagundurik. Naturako paisaiak ageri dira, maldak edo patarrak, goitik behera. Erakusketa ibiltaria izanen da, Baionako DIDAM gelan izanen da maiatzaren 3tik ekainaren 16ra, Irisarriko Ospitalean uztailaren 6tik urriaren 12ra eta Mauleko Agerrian azaroaren 8tik urtarrilaren 5era. Kasik urte bateko ibilbidea eginen du beraz erakusketak Lapurdi, Baxe Nafarroa eta Xiberoan gaindi.

Miarritzeko maratoia, 41 kilometroko erronka Lapurdiko kostaldean

Hirugarren edizioa ukanen du aurten Biarritzeko maratoiak. Maiatzaren 5ean iraganen da eta 41 kilometro ainitz denez, Basusarri, Arrangoitze, Arbona eta Bidartetik ere pasako da. Modalitate ezberdinak badira maratoiaz gain, maratoi erdia, 12 kilometrokoa, errelebokoa, haurrena eta ibilaldia. Eta guzti hori kudeatzeko 800 laguntzaile behar dituzte. Euskarari toki bat eman nahi izan diote antolatzaileek, eta lexiko bat aterako dute, korrikalariek hiztegian euskarazko hitz batzuk sar ditzaten. Jakin, kasik toki guztiak beteak direla baina oraindik guti batzuk gelditzen direla.