Departamenduko suhiltzaileen lehendakari izendatu dute Charles Albuquerque

Departamenduko suhiltzaileen batasunak lehendakari berria du. Hemezortzi urteren ondotik, Claude Vidalek bere lekua utzi du igande honetan, Iholdin iragan den suhiltzaileen kongresuan, eta Charles Albuquerquek hartu dio lekukoa. Beñat Cachenaut Iholdiko auzapez eta SDIS Departamenduko sokorrien interbentzio zerbitzuen lehendakari-ordeak harrera beroa egin die. Orotara, bostehun suhiltzaile inguru elkartu dira Baxe Nafarroako herri horretan, gehien gehienak bolondresak.

Jon Telleria: «Pradales eta Otxandiano ziklo politiko berri baterako hautagaiak dira argiki»

Euskal Autonomia Erkidegoko hauteskundeak izanen dira heldu den igandean. Gipuzkoa, Bizkaia eta Arabako herritarrek Eusko Legebiltzarra osatuko duten kideak hautatu beharko dituzte, eta ondotik, legebiltzarkideek lehendakari berria bozkatu beharko dute. Aldi honetan, lehen aldiz, EH Bilduk aukera handiak izanen ditu bozka eta legebiltzarkide kopurutan EAJ gainditzeko. Izan ere, azken ikerketek buruz buru gogorra iragarri dute Pello Otxandiano eta Imanol Pradales jeltzalearen artean. Batak zein besteak, beste alderdien babesa beharko dute lehendakari makila eskuratzeko. Sorpresarik ezean, legegintzaldi honetan ere, gobernu akordioa berrituko du PSE alderdiak EAJrekin.

Hiruehun dantzari bildu ditu Iparraldeko dantzari egunak Hendaian

Aste hondar honetan euskal dantzen hiriburu bilakatu da Hendaia. Akelarre dantza talde hendaiarraren 50. urtemugaren testuinguruan, Lapurdi, Baxe Nafarroa eta Xiberoako hamasei dantza talde elkartu ditu bertan Iparraldeko Dantzarien Biltzarrak. Haatik, gehientsuenak lapurtarrak ziren, hamaika orotara. Egun osoko egitarauarekin, taldeen arteko loturak azkartzeko beharra azpimarratu dute antolatzaileek. Zentzu horretan, preseski, maiatzaren 8an Dantzari Ttiki eguna antolatuko dute Donibane Lohizunen Begiraleak elkartearekin elkarlanean.

Urruñan lan foroa antolatuko dute lehen aldiz larunbatean

Lan foroa antolatzen du Urruñako herriak lehen aldiz. 'Job dating' arratsalde bat antolatzen dute larunbat honetan, lana xerkatzen dutenei enpresengana hurbiltzeko parada emateko. Foroa hasi aitzin bi hitzaldi izanen dira, lehena 13.30etan Bai Euskarari elkartearekin, eta ondotik merkataritza eta industria ganbararekin, bi egitura horien lana ezagutarazteko. Enpresek ostiral eguerdi arte dute parada izena emateko eta jakin ere, larunbatean lan eskaintzak izanen direla 18 urtez azpiko gazteentzat ere bai.

Iera Agirre: «Iparraldeko emakumeak esku huskan aritzeko duten debekua zentzugabea da»

Hegoaldean geroz eta emazte pilotari gehiago ari dira esku huskako zoingehiagokan. Ipar Euskal Herrian, aldiz, ez dute aizu. FFPB Frantziako Pilota Federakuntzako medikuntza zerbitzuak emazteen esku huska txapelketak galaraziak ditu. Iparraldeko Pilota Batzordeak debeku hori bertan behera uzteko galdea egin badu ere, arraposturik ez dute ukan oraino. Bidea irekitzeko xedez, larunbat honetan Hegoaldeko emazte pilotarien txapelketaren finalerdia jokatuko da Miarritzeko Plaza Berrin arratsaldeko 18:00etan. Bertan lehiatuko dira Iturriaga-Orbegozo eta Barrokal-Agirre bikoteak. Irabazleek apirilaren 21ean jokatuko dute finala Antzuolan, Ruiz de Infanteren eta Galeanoren kontra.