100.000 euro Xiberoko mendi sindikatuarendako, urzo ihizaguneen antxeretan

Urzoak ihiztatzeko lepoen prezioa %10 apaldu da. Xiberoako mendi sindikatuak mendi lepo eta etxolen antxerak egin ditu asteburu honetan Atharratzen. Berrehun pertsona hurbildu dira herriko merkatu estalira, heldu diren hiru urteendako ihiza gunearen baimena erdiesteko. Mendi lepo karioena baliatzeko eskubidea 42.000 eurotan eskainia izan da, eta orotara, 100.000 euro eskuratu ditu mendi sindikatuak. Haatik, 37 etxoletatik 12 baizik ez dira alokatu; nolanahi ere, azken urteetan bezala, maiatza bukaera arte proposamenak egiten ahalko dira.

Filmaketak egin ditu Asier Altunak Lapurdin, 'Karmele' filma berriarendako

Karmele luze metrajeren filmaketak egin dituzte joan den astean Baiona, Zuraide eta Uztaritzen. Filma, Kirmen Uribek idatzitako «Elkarrekin esnatzeko ordua» eleberrian oinarritzen da eta Asier Altunak zuzentzen du. Karmele Urresti erizain gazteak 30. hamarkadako gerla zibilaren garaian nola biziraun zuen, bere pasio eta engaiamendu politikoaren historia kontatuko du filmak. Ipar Euskal Herriko Gastibeltza Filmak proiektu honen partaide da.

Beskoitzeko ikastolari hats berria eman dio Herri Urratsek

Lehen zena bilakatu zen berriz ere atzo Herri Urrats. Nahiz eta goizean zirimiria izan, jendea ez da beldurtu eta antolatuak ziren gune ezberdinak mukuru bete dira. Ekitaldi ofizialean ere urtero bezala bildu ziren ordezkari politiko, Seaskakoak, eta euskalgintzakoak. Bi gai nagusi, euskalgintzaren finantzamendua alde batetik, euskarak aitzina egin dezan diru gehiago behar baitu, eta azterketak euskaraz egiteko aldarrikapena bestetik, Etxepare lizeoko ikasleek mobilizatu egun batera deitzen baitute maiatzaren 17an.

3.000 lasterkari bildu dituzte Euskal Trailek

Baigorri eta Aldudeko mendiak lasterkariz bete dira asteburu honetan. Euskal Raid elkarteak antolatu dituen lasterketetan 3.000 parte hartzaile elkartu dira. 130 kilometroko Ultra Trailean lehen postuan arribatu da gizonetan Maxime Cazajous, eta emazteetan Nadège Poulain. 65 kilometroko binakako Iraupen Trailean, gizonetan Hervyk eta Aubertek irabazi dute, eta Barrèrek eta Grenierrek emazteetan . 40 kilometroko binakako Euskal Trailean gizonetan Soulans eta Cather gailendu dira, eta emazteetan Malgouyres eta Gratigny. 25 kilometroko binakako Trail Gormantan gizonetan Comet eta Moureu, eta emazteetan Gautier eta Rubke. Neska Trailean binaka, Fazilleau eta Etchats nagusitu dira. Azkenik, Iluna Trailean Ferrandez eta Palacio gizonetan, Piette eta Moinat emazteetan nagusitu dira.

 

Mañu Erbiti: «Aro bikaina lagun, Herri Urrats arrakastatsua goiatatzen dugu»

Senpereko aintzira forma hartuz doa. Jada xutik dira Herri Urratseko egitarauaren parte handiena hartuko duten lau eszena nagusiak. Auzolan handiena aldiz larunbatean hasiko dute Seaskako gurasoek. Aurten, 2.500 laguntzaile izanen dira orotara, eta Bizkaia gunea sortu dute haurren xoko berri batekin; Gipuzkoa gunea, aldiz, musika elektronikoari eskainia izanen da lehen aldiz. Horrez gain, Kattalin Elizalde kolegio berrian kirol ekimenak izanen dira nagusi.