Mattin Irigoien: «Berrikuntzak frantsesaren eskutik heldu badira, zaila izanen da geroan euskaraz bizitzea»

Nola ezar euskara, gal-bidean, ahal-bidean eta zabal-bidean? Galdera horri ihardukitzen entseatuko da Mattin Irigoien Zabalik elkarteko kidea, ostegun honetan eskainiko duen mintzaldian. EHZ elkarteak luzatu dio gomita gai horren jorratzeko. Besteak beste, hitzaldiak hezkuntzaren, historiaren, estatistiken, hizkuntza komunitatearen eta elebitasunaren gaiak trabeskatuko ditu.

8.800 euroko zigorra Ostiako lau kiderentzat, Marieniako proiektuaren kontrako ekintza batengatik

Baionako auzitegiak 500 euroko isunera kondenatu ditu Ostia kolektiboko lau auzipetuak. 2022ko abenduan Angeluko Bouygues Immobilier agentziako bulegoa eta maketa bat andeatzeaz akusatuak ziren. Prokuradoreak, aldiz, 1000 euroko isuna galdegiten zuen ekintzako partaide bakoitzarentzat. Isunaz gain, abantzu 6.000 euroko kalte ordainak ordaindu beharko dizkiote auzipetuek Bouygues promotoreari, baita 800 euroko abokatu gastuak ere. Hatz markak eta DNA ez emateagatik aldiz errugabetuak izan dira; epaileak adierazi du militanteak eta pertsona ezagunak izanik ez dela arrazoirik DNA eskatzeko. Marieniako laborantza lurren defentsan, mobilizazio eguna ospatuko dute maiatzaren 25ean Kanbon.

Hazparneko herriko etxeko atea hausteagatik 5.000 euroko isun galdea gibelapenarekin

5.000 euroko isuna gibelapenarekin eta beste 750 euro irainengatik eskatu ditu prokuradoreak André Hirigoien Makeako laborariarentzat. Urte hastapen honetan, Hazparneko herriko etxeko atea hautsi zuen eta Makeako auzapezaren kontrako tindaketak egin zituen, eraikitzeko baimen bat ez onartzeagatik. Auzapez ainitzez inguraturik hurbildu dira Isabelle Pargade eta Alain Dubois auzapezak epaitegira. Erabakia maiatzaren 28an jakinen da.

Miarritzeko etxejabe baten iruzurrak agerian eman ditu Aldak

Apartamendu turistikoen gaineko iruzurrek ez dute etenik. Hala baieztatu du atzo Alda mugimenduak egin duen ekintzak. Miarritzeko etxe batera hurbildu dira mugimenduko hainbat kide, etxejabe batek ez baitzuen deklaratua bere apartamendu turistikoa. Orotara zazpi lege-hauste bazirela salatu du Aldak: bost urtetan alokairuan zen emazte bat kontraturik gabe du nagusiak, bigarren etxebizitza batean erretretadunak ditu alokairuan urtea finitu aitzin kanporatuak izateko, eta katastroan ez ziren deklaratuak. Tentsio uneak bizi izan dira nagusiarekin eta polizia deitua izan da.

Gillen Gamiochipi: «Argazkietako kirolariak automatikoki identifikatzeko baliatzen dugu adimen artifiziala»

Adimen artifizialak gure mundua aldatuko du. Teknologia horren baliapena alor militarretik, enpresetara iragan da azken urteetan. Ipar Euskal Herrian SportPXL enpresak aplikazio bat garatu du kirol ekimenetako irudietan ageri diren kirolariak automatikoki identifikatzeko. Bereziki, kirol norgehiagokak segitzen dituzten argazkilarien lana erraztu nahi lukete, irudiak automatikoki sailkatu ahal izateko eta sareko bilatzaileetan errazago atzeman ahal izateko. Orain arte, lasterketa, errugbi edo zangobaloi norgehiagoetan baliatu izan da SportPXL enpresak garaturiko teknologia berri hau.