'Lau sasuak', plaza berri bat bertsulari xiberotarrendako

Udaberriak bertsulari xiberotarrak iratzarri ditu. Lurralde horretan koblakaren usaia hedatzeko xedez 'Lau sasuak' izeneko ekimena abiatu dute. Urteko urtaro bakoitz, bertsu saio bat antolatuko dute Xiberoako bertsulariei plaza berri bat irekitzeko, eta lehen hitzordua maiatzaren 19an izanen da Larrainen. Xan Alkhat, Mixel Etxekopar, Leire Casamajou, Joanes Etxebarria eta Aetz Etxart bertsularien errimek eztitutako bertsu afaria eginen dute, herriko eskolako gurasoek antolaturik.

Kepa Akixo 'Zigor': «Sentsazioa dut gaur egun ez dakigula non bizi garen»

'Malda bizi' izena eman dio Kepa Akixo 'Zigor' artistak bere argazki erakusketari. Azaldu digunez, «argazki horiekin nahiko nuke jendeak ikus dezala non bizi den, eta nola guk geuk mundua aldatzen dugun gure beharretara, eta nola malda horiek gu geu egiten gaituen». Zizelkari bezala ezagunagoa baldin bada ere, aldi honetan argazki erakusketa bat aurkezten du, hainbat marrazkiz lagundurik. Naturako paisaiak ageri dira, maldak edo patarrak, goitik behera. Erakusketa ibiltaria izanen da, Baionako DIDAM gelan izanen da maiatzaren 3tik ekainaren 16ra, Irisarriko Ospitalean uztailaren 6tik urriaren 12ra eta Mauleko Agerrian azaroaren 8tik urtarrilaren 5era. Kasik urte bateko ibilbidea eginen du beraz erakusketak Lapurdi, Baxe Nafarroa eta Xiberoan gaindi.

Miarritzeko maratoia, 41 kilometroko erronka Lapurdiko kostaldean

Hirugarren edizioa ukanen du aurten Biarritzeko maratoiak. Maiatzaren 5ean iraganen da eta 41 kilometro ainitz denez, Basusarri, Arrangoitze, Arbona eta Bidartetik ere pasako da. Modalitate ezberdinak badira maratoiaz gain, maratoi erdia, 12 kilometrokoa, errelebokoa, haurrena eta ibilaldia. Eta guzti hori kudeatzeko 800 laguntzaile behar dituzte. Euskarari toki bat eman nahi izan diote antolatzaileek, eta lexiko bat aterako dute, korrikalariek hiztegian euskarazko hitz batzuk sar ditzaten. Jakin, kasik toki guztiak beteak direla baina oraindik guti batzuk gelditzen direla.

Etxe ekoizleen elkartea osagarri onean dela erakutsi du aurtengo biltzar nagusian

Zertan dira etxe ekoizleak? Galdera hori izan da eztabaiden erdigunean astearte honetan, Euskal Herriko Etxe Ekoizleen Elkartearen biltzar nagusian. Urteko bilduma egin eta, negu honetako mobilizazioen eta arranguren inguruan solastatu dira laborariak. Arazoen artean akidura, inplikazio maila handiaren beharra edota estatuko neurri sanitarioen oztopoak aipatu dira. Nolanahi ere, elkartea osagarri onean dela baietsi dute biltzar nagusian. Izan ere, azken hogei urteetan kide kopurua hirukoiztu da, ehun kidetik 334 kidera. Idoki labelean ere, aurten, sei ekoizle berri sartu dira.

Tulalaika besta, Xiberoako ikastolei bultzada emateko

Hirugarren urtez Xiberoako ikastolei bultzada emanen die Tulalaika bestak. Maiatzaren 19an Pagolan ospatuko da, eta aurtengo egitarauko afixa buruak Zea Mays, Xiberoots eta Auhen taldeak izanen dira, IXABE eta Ü taldeekin batera.

Lau etxebizitza sozial berri Idauze-Mendin gazteei zuzenduak

Biztanle gehien galtzen dituen euskal lurraldea da Xiberoa. Hori dela eta, gazteei zuzendutako lau etxebizitza sozial berri estreinatu dituzte Idauze-Mendiko herrian. Herriko etxearen egitasmo horrek, Euskal Hirigune Elkargoaren eta Habitat Sud Atlantique egituraren babesa ukan du. Lau bizitegiek hastapenetik erdietsi dituzte alokatzaileak. Idauze-Mendin 260 biztanle bizi dira gaur egun, ehun langile biltzen dituen industriagunea du eta murgiltze ereduan den RPI eskola bat du.

Intersindikalak bat eginen du Baionan, Maiatzaren Lehenean

«Langileok, fatalitaterik ez. Ondasunen banaketaren alde borroka gaitezen» lemapean eginen dute aurten Maiatzaren Leheneko manifestaldia Baionan. CFDT, CGT, FSU, LAB eta Solidaires sindikatuek elkarrekin aterako dira, iazko kalapiten gainetik deialdi bateratua egiteko. Zerbitzu publikoaren desegitea, enpleguen prekarizatzea, bereziki sektore feminizatuetan, lan sarien apaltzea, lan istripuak, enplegurik gabeko langileen estigmatizazioa... salatzen duten problematika zerrenda luzea da. Maiatzaren 1ean goizeko 11:00etan abiatuko da manifestaldia Santa Ursula plazatik, merkatuko plazan bukatzeko eta han herrixka sindikala izanen da.

Hitzarmena sinatu dute UEUk eta Seaskak euskararen ezagutza bultzatzeko

Seaskak eta Udako Euskal Unibertsitateak hitzarmena izenpetu dute, goi mailako euskarazko jakintza sustatzeko. Partaidetza horren barnean kolegioko hirugarreneko ikasleek azterketa bat pasatu beharko dute B2 hizkuntza maila ebaluatzeko xedearekin. Horrez gain, irakasleen prestakuntzan ere aletxoa ezarriko du UEUk. Hiru mintzaldi antolatuko dituzte «Ikastolan euskaraz jolastu eta gozatu» maiatzaren 16an Lartzabalen, «Euskararekiko lotura afektiboa elikatzeko» maiatzaren 23an Baionan eta «Ikastolan euskara gaitasuna landu» maiatzaren 30ean Kanbon.

Departamenduko suhiltzaileen lehendakari izendatu dute Charles Albuquerque

Departamenduko suhiltzaileen batasunak lehendakari berria du. Hemezortzi urteren ondotik, Claude Vidalek bere lekua utzi du igande honetan, Iholdin iragan den suhiltzaileen kongresuan, eta Charles Albuquerquek hartu dio lekukoa. Beñat Cachenaut Iholdiko auzapez eta SDIS Departamenduko sokorrien interbentzio zerbitzuen lehendakari-ordeak harrera beroa egin die. Orotara, bostehun suhiltzaile inguru elkartu dira Baxe Nafarroako herri horretan, gehien gehienak bolondresak.